Ikasturte amaierarekin
batera, AEKren PRAKTIKATU zerbitzuak inkesta egin du
mintzapraktika egitasmoen parte hartzaileen artean: berbalagun,
mintzalagun, mintzakide... Emaitzen artean, honako puntu hauek
nabarmendu nahi ditugu:
- Balorazio orokorra: parte hartzaile gehienek (% 88,7k) OSO ONDO edo BIKAIN baloratzen dute egitasmoa. Halaber, oso ontzat jotzen dute PRAKTIKATUko dinamizatzaileen lana; eta, oro har, esker oneko hitzak besterik ez dugu jaso haien esfortzua dela-eta. Beraz, ikasturtea pozik egoteko modukoa izan da.
- Euskararen erabilera: inkestan parte hartu dutenen gehiengoak (% 87,2k) aitortu du aldaketa bizi izan duela euskararen erabileran: % 44k dio askoz gehiagotan egiten duela euskaraz egitasmoan dabilenetik; beste % 43,2k esan du gehiagotan egiten duela.
- Euskaraz egiteko aukerak: agendek eta ekimenek, mintzodromoek, Kirola eta Natura programak eta gurasolagunentzako eskaintza berezituak oso harrera ona izan dute. Beraz, aurrera jarraituko dugu. Bestalde, inkestan aukera ere egon da proposamen berriak egiteko; horiek, jakina, lekua izango dute hurrengo plangintzetan.