AEK-k 2017/2018 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu du, %100 afektiboa, gizarteak hiztun berri aktibo gehiago irabazten jarraitzeko.
Era berean, aurkezpenean, Jone Goirigolzarrik, Deustuko Unibertsitateko irakasleak aurkeztu du “Zergatik ikasi euskara eta nola iritsi euskaldun izatera” dekalogoa.
Euskara ikasteak ez dakar berez euskara erabiltzea, hiztun berria hiztun aktiboa bihurtzea. Deustuko Unibertsitateak ikerketa batean jaso du zerk eragin duen hiztun berri batzuek jauzi hori egitea, alegia, zein izan diren horretarako giltzarriak.
Zergatik ikasi euskara eta zelan heldu euskaldun izatera?
Euskal hiztun berrien 10 irakaspen
1. Euskara ikasteak poztasuna eta harrotasuna dakartza. Euskara ikasteak sari ugari eta askotarikoak eskaini dizkie euskaldundu direnei.
2. Euskara ikasten hasteko edo berrikasteko, arrazoi eta motibazio ugari egon daitezke, eta den-denak dira baliozkoak.
3. Euskaldun aktiboa bilakatzea ez da prozesu automatikoa; bidean agertuko diren erronkei eta ardurei aurre egitea funtsezkoa izango da.
4. Garrantzitsua da ez izatea autokritikoegia norberaren gaitasunari dagokionez. Gainera, gogoan izan: hizkuntzak elkarrekin komunikatzeko dira. Komunikazioa baldin badago, helburua lortuta.
5. Euskaraz komunikatzeko orduan, eta oraindik ikasten ari garela, baliagarria izan daiteke elkarrizketetan hizkuntzak tartekatzea (erdarazko hitzak edo esaerak ere baliatzea)
6. Batua eta euskalkiak, denak dira euskara. Euskara batua oso euskara jatorra da, eta, era berean, erraza da tokian tokiko euskalkien ezugarri batzuk bereganatzea, hiztunak gustura egon daitezen erabiliko duten hizkuntzarekin.
7. Testuinguru erdaldunenetan ere, posible da euskara erabiltzea, zenbait estrategia garatuz gero.
8. Posible da ingurukoekin hizkuntza-ohiturak aldatzea, alegia, beti erdaraz besterik egin beharrean, euskaz (ere) egiten hastea. igarotzea.
9. Euskara errepertorio linguistiko aktiboan sartzeko, lagun berriak edo jarduera berriak egiteko uneak baliatu behar dira.
10. Jarrera proaktiboa izanda, askoz euskara gehiago erabil daiteke. Era berean, kontzientzia hartzea oso-oso garrantzitsua izan da urratsa eman dutenentzat. . Euskaraz hitz egiten dugun guztiok gara euskaldunak, den-denok “benetako euskaldunak”. .
Jone Goirigolzarri Garaizar, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria