2020/09/24

Abian da mintzapraktika programetako kanpaina

 
Dagoeneko, zabalik dago izena emateko epea mintzapraktika programetan. Aurten ere, AEKren Praktikatu zerbitzutik hainbat aukera eskaini nahi dizkizugu: astean behin mintzataldean elkartu eta lasai hitz egin; gurasolagun egitasmoan tailerrak; ta gure bestelako eskaintzez gozatu: tailerra, hitzaldi, kantulagun, irakurzale klubak... Denetan sentituko zara primeran, nork bere helburua beteta: euskara praktikatzea eta lagun berriekin euskaraz egitea. 
 
Dena den, ezin da ahaztu oraindik ere oso egoera berezian gaudela. Hori dela eta, mintzapraktika taldeetan eta ekitaldi guztietan beharrezko prebentzio neurri guztiak aintzat hartuko ditugu. Horren haritik, eta aurrez aureko eskaintzari osagarri moduan, martxoan abiatu ziren egitasmoei jarraipena emango diegu, eta urriaren amaieran ONLINE taldeetan parte hartzeko aukera zabalduko dugu.

Beraz, gure eskaintza gustuko baduzu, aski duzu zeure inguruko euskaltegi, euskara-elkarte edo euskara-zerbitzura jotzea, edota fitxa hau betetzea.